Udalbatzarra

Zapategiko eremua garatzeko urrats berri bat tramitazioan

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 13a, 18:09

Michelin ondoko Zapategi eremuaren aldaketa puntuala hasieraz onartu zuen aho batez udalbatzak azken osoko bilkuran.

Zehazkiago aipatzearren, Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioen Berrikuspenaren Testu Bategineko A-78 (TE) Zapategi eremuaren Aldaketa Puntuala (03. aldaketa) hasieraz onartu zuen udalbatzak aho batez martxoaren 31ko osoko bilkuran.

Erabaki honen berri apirilaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eman zuen Usurbilgo Udalak. Biharamunetik zenbatzen hasita hilabeteko epea izango dute interesdunek iradokizunak edo alegazioak aurkezteko.

Gogoan izan, Zapategin kokatuko direla Gureak eta covid19ak eragindako krisialdiaren baitan Elkarrek proiektua utzi ostean, horren ordez egitasmoan sartu den Balfer inbertsoreak erakar ditzakeen jarduerak.

Zapategiko lur eremua garatzea ahalbidetuko duen hirigintza hitzarmena behin betiko aho batez onartu zuten abenduaren 23ko udalbatzarrean, iraila bukaeran hasieraz onartu ostean. Hirigintza hitzarmen berriak duela hiru urtekoa, 2018ko urrian Elkar, Michelin, Gureak eta Udalak sinaturikoa ordezkatuko du. Gogoan izan, covid19ak mundua kolpatu zuela 2020an, baita beste alorren artean, euskal kulturgintza ere, tartean Elkar. Zapategira ekartzekoa zuen egoitza, baina ezohiko testuinguru zailak inbertsio txikiagoa egitera behartu eta lantegia Adunan kokatzea erabaki zuten. 

"Eremu degradatua berrerabiltzeko apustua"
"Kinka larrian" jarri zuen aldaketa honek Michelin ondoko eremuko proiektua. Lankidetzari esker ordea, alkateak iraila amaierako udalbatzarrean zioenez, "urtebeteko epean eta garai ziurgabe honetan, gai izan gara proiektu industrial honi eusteko". Gureak-en "ahalegin itzelari" esker, bidelagun berria aurkitu dute; Andoaingo Illarramendi industriagunea garatzeaz arduratzen ari den Balfer inbertsorea. 

115.000 metro karratuko azaleran, batetik Michelinek 70.000 metro karratuko eremua hartuko du bere jarduna finkatzeko, eta gainerako ia 50.000 metro karratuetan kokatuko dira Gureak eta Balfer inbertsoreak erakarri dezakeen enpresa(k). Erabilera industrialerako gune honetan, kontuan hartu nahi izan dute, pertsonen joan etorrirako eremua izatea, genero nahiz irisgarritasun ikuspegiak txertatu dituzte, baliabide naturalak balorean jarri nahi dituzte. "Proiektu hau, eremu degradatua berrerabiltzeko apustua" izango da.

Hirigintza hitzarmen hau Usurbilgo herriarentzat diru-iturri garrantzitsua izango da; %15a Udalak eskudirutan jasoko duela berri eman dute ostegun honetako udalbatzarrean, 862.000 euro guztira. Proiektuaren onurak haratago doaz, 700 lanpostu (gehienak lekuz aldaturikoak) erakarriko baitituzte Zapategi eremura.

2023. urte hasieran eraikitze lanen baimena emateko moduan egotea aurreikusten dute. Ordura arte, egitasmo honen garapenerako kronograma bat finkatua dute. "Presa du, ezin dugu denbora gehiago galdu", zioen alkateak udalbatzar hartan.