Ezkeltzun parke eolikoa eraikitzeko aurreproiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 22a, 18:40

"Green Capital Development XLIV SLU" Madrilgo enpresak Ezkeltzu mendian lau aerosorgailu eraikitzeko aurreproiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak.

Andatza inguruan, Usurbilek eta Zizurkilek lur eremua partekatzen duten Ezkeltzu mendian parke eolikoa eraikitzeko urrats berri bat eman du Eusko Jaurlaritzak. Gogoan izango duzue, otsailaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak berri eman zuenez, "Ezkeltzu parke eolikorako aurretiaz aurkeztutako administrazio-baimenaren eskaera iragartzen da". "Green Capital Development XLIV SLU" Madrilgo enpresa batek bideratu zuen eskabidea. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren izenean zetorren, Industria Administrazioaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren ohartarazpena zen.

Eskaera hura jendaurrean egon zen 20 egunez. "Arauz ezarritako epean ez da aurkeztu lehiarako baimen-eskaera gehiago", berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Egitasmo honen tramitazio prozesuak urrats berri bat eman du orain. Eusko Jaurlaritzak aipatu enpresak aurkezturiko aurreproiektua onartu duela berri eman du, ostegun honetako, apirilak 21, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez. 

Dokumentazioa aurkezteko sei hilabete
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak dioenez, "Green Capital Development XLIV SLU"  enpresak aurkezturiko aurrepoiektua aukeratzea erabaki du, "aurkeztu den bakarra delako". Aurreproiektua hautatuta, Gasteizetik iragarri dutenez, orain sei hilabeteko epea izango du aipatu enpresak "115/2002 Dekretuak 7. artikuluan ezartzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du, ebazpen hau jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, aldez aurretiko administrazio-baimena izapidetzeko".

Erabaki honen aurka, "gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Industriako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, horrela ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan".

4 aerosorgailu eraikitzeko
Usurbil eta Zizurkilgo lurretan dagoen eremua da Ezkeltzu. Andatza hegoaldean kokatua dagoen 508 metroko garaiera duen mendigunea dugu. Zizurkil, Aduna, Usurbil nahiz Aia ingurutik igo liteke bertara. Parke eolikoa eraikitzeko aurreproiektua aurkeztu eta onartu berri dioten "Green Capital Development XLIV SLU" izeneko enpresak Madrilen du egoitza. Argindarra sortzen dihardu lanean, "energia berriztagarriak" baliatuta; mareak, eguzkia, edota kasu honetan bezala, haizea.

Otsailaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialeko iragarkiak ohartarazten zuenez, 4 aerosorgailu eraikitzeko eskatu zuen aipatu aurretiazko administrazio-baimena. "Instalatutako potentzia gordina" 18 MW-koa da. Antza, Ezkeltzukoaz gain, beste hiru parke eoliko eraiki asmo ditu aipatu enpresak Gipuzkoan.


Gai honi buruz oran arte hartu diren erabakiei buruzko informazio gehiago:
Apirilaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria
Otsailaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala