2. Uxue Trail

"Eskerrik asko bihotzez parte hartu duzuenoi, eta, nola ez, antolatzen aritu zaretenoi"

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 20a, 09:20

Esker hitzak baino ez ditu larunbatean, ekainaren 18an ospatu zen 2. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioko antolakuntzak laguntzen nahiz parte hartu zuten guztientzat. "Eskerrik asko bihotzez parte hartu duzuenoi eta, nola ez, antolatzen aritu zaretenoi, modu batera edo bestera lagundu duzuenoi, 4 ibilbidetako hainbat puntutan egon zaretenoi". Baita gainerako guztiei ere. "Zuek guztiok gabe ezinezkoa izango baitzen hau horrela izatea. Mila esker bihotz-bihotzez denoi eta datorren urtera arte!".

Hirugarren ediziora arte agurtu zen antolakuntza, nabarmentzeko moduko parte hartze datuokin:

 

Proba Parte-hartzaile kopurua
Uxue Trail Luzea (20 km) 144
Uxue Trail Motza (11,5 km) 222
Ipar Martxa (7,5 km) 12
Uxue Paseoa (5,5 km) 104
Dortsal solidarioa 52
Guztira 534

Sentsibilizazioa eta laguntza bilketa
Bistan denez, lau lasterketa ospatu ziren. Dortsal solidarioa ere eskuratzeko aukera zegoen. Hitzordu honekin, Uxue Martin Usurbilgo gazteak duen gaixotasun arraroa ezagutzera eman, sentsibilizazio lana sustatu eta laguntza bildu nahi dute. Phelan-McDermid izena du Uxuek duen sindromeak; "22q13 kromosomaren gabetzea da", mendi lasterketaren antolatzaileen esanetan. Aipatu kromosomaren izena duen helbidean jaso dezakezue informazio gehiago, 22q13.org.es atarian.