#M28

Ordezkaritza duten udal taldeen zerrendaburuak hautatu dituzte

Noaua Aldizkaria 2023ko api. 4a, 11:53

Egungo udalbatzan ordezkaritza duten Usurbilgo EHBildu, EAJ eta PSE alderdiek zerrendaburuak hautatuak dituzte. Maiatzaren 1ean emango dira ofizialki ezagutzera, hautagai zerrenda guztiak. Gainerakoan, aldaketarik ez; egungo kide kopuru bera izango du udalbatzak hurrengo legealdian.

Datozen maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetako deialdiak ezagutzera eman dituzte gaur. Bozketa egun horri begirako atzera kontaketa betean gara beraz. Usurbilen, udal hauteskundeei dagokienean, egungo udalbatza osatzen duten hiru taldeetako zerrendaburuak hautatuak dituzte, asteotan berri eman dugun moduan.

EHBilduk egungo alkatea aurkeztu du zerrendaburu gisa; Agurtzane Solaberrieta Mesa. Bigarrenez aurkeztuko den alkategai bakarra izango da. Egun oposizioan diren EAJ eta PSE udal taldeek zerrendaburu berriak aurkeztu dituzte. EAJren kasuan, Xabier Otxoa Muñozek hartuko du Josune Urkolaren lekukoa, eta PSEren kasuan, Petri Romero Pozok Patxi Suarez ordezkatuko du.

Udal ordezkari kopuru bera
Zerrendaburuak hautatuak dituzte Usurbilgo udal taldeek. Hautagaien zerrendak aurrerago emango dituzte ezagutzera. Ofizialki, maiatzaren 1ean aldarrikatuko dituzte. Gogoan izan, Usurbilgo udalbatza aipatu hiru taldeok (EHBilduk, EAJk eta PSEk) eta 13 ordezkarik osatzen dute. Egun, EHBilduk gehiengo osoa du; zortzi udal ordezkari ditu, lau EAJk eta bakarra PSE-EEk. Udalbatza guztira, beraz, hamahiru kideek osatzen dute.

Udalbatza osatzen duten ordezkarien zenbatekoa udalerri bakoitzak duen biztanleria kopuruari lotua dago. Espainiako Gobernuaren Gipuzkoan duen ordezkariordetzak martxoaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleraturiko iragarkian gai honi lotutako datu bilduma argitaratu zuen; "zonako hauteskunde batzordeetako udalerrien biztanleria eta zinegotziak".

Usurbil Donostiako barruti judizialean kokatua dago, beste 13 udalerriekin, Aduna, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Orio, Pasaia eta Urnietarekin batera. Iragarki honetako datuen arabera, udalerri honek 6.166 biztanle ditu eta orain arte bezala, 13 zinegotzi edo udal ordezkari izatea dagokio 2023-27 legealdian.