#M28

"Azken bultzada" irudikatu duen herri argazkia atera du EHBilduk

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 26a, 20:26

Hauteskunde kanpainari amaiera eman dion herri argazkia atera du Usurbilgo EHBilduk Mikel Laboa plazan.

Igandera begirako "azken bultzada" irudikatu nahi izan dute, azken bi asteotako hauteskunde kanpaina gauerdian amaitzeko ofizialki ordu gutxi batzuk baino geratzen ez zirenean. Bi asteko kanpaina borobildu duen talde argazkia atera berri du ostiral arratsalde honetan Usurbilgo EHBilduk Mikel Laboa plazan. Hitzorduan parte hartu dute, udal hauteskundeetarako osatu duten hautagai-zerrendako kideek nahiz koalizioaren komunitatea osatzen duten hainbat herrikideek. 

Eskuartean zituzten, EHBilduren aldeko kartelekin batera, hautagai zerrenden boto paperak. Gaurko hitzordua, noski, koalizioak udal nahiz foru hauteskundeetara aurkeztu dituen hautagaiak babesteko ekitaldia izan baita. Argazkiaren albo banatan dituzue hitzordu honetara aurkeztu dituen zerrendaburuak ageri diren kartelak: Maddalen Iriarte Okiñena Ahaldun Nagusi izateko hautagaia eta Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkategaia. Azken aldiz galdegin dute herrikideen bozka, gauerdian amaituko baita horretarako, herritarren atxikimendua eskatzeko epea. Larunbata, hausnarketa eguna izango da eta biharamunean, igandean, hauteskundeak.

Bi asteko dinamikaren amaiera
Gaurko herri argazkiarekin, azken bi asteotako jarduna borobildu du EHBilduk. Gogoan izan, ekitaldi nagusia eta gazteen atxikimendu hitzordua antolatu zituzten iragan asteburuan. Asteotan, gainera, herri programa aurkeztu dute Usurbilgo herri eta auzo nahiz gizarteko sektore ezberdinetan. Kanpainari hasiera, aldiz, Txirikordan eman zion koalizioak, Usurbilgo alkategaia nahiz EHBilduren foru hauteskundeetarako zerrendaburua batu zituen bisita eta agerraldiarekin.