2023-24 ikasturtea

Euskara errefortzu klaseetarako hezitzaile eta irakasleak behar dira

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 22a, 09:44

Beste sorterri batzuetatik gure artera bizitzera etorritako nahiz Usurbilen bizi arren, euskalduntzeko beharra duten HH5-DBH4 arteko gaztetxoentzako euskara errefortzuko programa aurkeztu zuten ekainaren 12an agerraldi bidez, Usurbilgo Udalak eta herriko hiru ikastetxeek. Udazkenean abian jarriko duten egitasmorako langileak behar dituztela jakinarazi dute azken orduotan.

Eskolaz kanpoko euskara errefortzu programa honetan aritzeko "heritzaile eta irakasle bila gabiltza!" jakinarazi dute sustatzaileek. Gogorarazi dutenez, "Udalak haur eta nerabeentzako euskara errefortzu klaseak eskainiko ditu 2023-24 ikasturtean, herriko hiru ikastetxeekin eta Ttakun Kultur Elkartearekin elkarlanean".

Lan deialdi honetarako, kontuan hartuko dute "usurbildarra izatea, ikasketak, esperientzia eta euskara gaitasuna". Curriculumak bidaltzeko uztailaren 2ra arteko epea finkatu dute. Helbide honetara igorri beharko dira: zerbitzuak@ttakun.eus


Astean hiru ordu
Euskara errefortzuko programa berri hau, eskolatik kanpo eskainiko da, urritik aurrera, euskalduntze beharra duten gaztetxoei zuzendua egongo da. Helburu bikoitza du egitasmo berri honek; "alde batetik, euskara ez dakiten ikasle etorkinei berariazko laguntza eskaintzea, hizkuntza eta komunikazio trebetasunak lehenbailehen eskura ditzaten, eta bestetik, ikasle horiei hezkuntza sisteman sartzen laguntzea", sustatzaileek ekainaren 12ko agerraldian azaldu zutenez.

Proiektu honen bueltan batu dira hain zuzen, Usurbilgo Udala, Udarregi ikastola eta Aginaga zein Zubietako eskolak. Zerbitzu berri hau Lasarte-Oriako Ttakun elkarteak dinamizatuko du. Dinamika parte hartzailea izango dela aurreratu du, "alderdi ludikoa ardatz izanda, ahozkotasunaren lanketan zentratua" egongo dena.

Ezagutza eta erabilera maila ezberdinak egon daitezkeenez, "bakoitzaren egoerara moldatzen eta horrekin batera talde bakoitzean dauden ezberdintasun horiek ahalik eta txukunen kudeatzen saiatuko gara". Talde txikiak osatzea proposatzen dute, gehienez 10-12 lagunekoak, Asmoa, bost talde osatzea da; Aginagan eta Zubietan bana eta beste hiru Usurbilen. HH5etik DBH4ra arteko gaztetxoei zuzenduriko eskaintza izango da. Astean hiru ordukoa, ordu eta erdiko bi saiotan banatua.