Xumetik

"Lanean jarraituko dugu txoriek hegan egiten jarrai dezaten"

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 2a, 13:50

Eskertza mezu gozoa kaleratu du Usurbilgo Kultuguneak irailaren 23an ospatu zen Xumetik herri jaialdiaren inguruan.

Ondoko eskertza mezua plazaratu du Xumetik herri jaialdiko antolakuntza lanetan jardun zuen Usurbilgo Kulturguneak. "Ordu askotako lanak merezi izan duela ikusi dugu". Orain arteko bidetik, "lanean jarraituko dugu txoriek hegan egiten jarrai dezaten".

Lerrootan duzue Usurbilgo Kulturgunearen mezua osorik:

Usurbilgo Kulturgunearen oharra
Joan zaigu Xumetik herri jaialdia baina ez da oharkabean pasa usurbildarren begietatik. Zumetaren hormaren magala kolorez blaitu dute zuen mugimendu eta ahotsek. Plazaratutako hitzen oihartzunek Kaxkoko mugei so egin eta harrizko hormak gainditu dituzte. Duela berrogeita hamar urte josten hasi ziren bideak amaierarik ez duelako elkarlanak aurrera jarraitzen duen bitartean.

Usurbilgo Kultugunetik eskerrak eman nahi dizkizuegu, erokeria honen parte izateagatik. Ordu askotako lanak merezi izan duela ikusi dugu, zuetako bakoitzari ihes egindako irribarre bakoitzak erakutsi zigun bezala.

Lanean jarraituko dugu txoriek hegan egiten jarrai dezaten eta zu bide horren zati izatea nahi genuke.

Eskerrik asko!