Uholdeak

Uholdeen biharamuna, txukuntze eta garbiketena

Noaua Aldizkaria 2024ko ots. 28a, 12:20

Ur-emari handia izaten segi arren, bere eguneroko bidera itzuli da Oria azken orduotan. Atzoko uholdeen ondotik, txukuntze eguna gaur.

 

Nabari da heldu dela barealdia. Astelehenean hasitako euri-jasak atzo arratsaldean eten ziren, ateri esnatu zaigu asteazken hau. Oriak atzo inguruko erriberak hartu eta gertu zituen etxabeetara sartu ostean, urak bere bidera itzuli dira gaurkoan. Begiratu, Euskalmet meteorologia agentziaren goiko grafikoari. Lasarten duen estazioko datuak dituzue, azken 24 orduotan ibaiaren ur-emariak izan duen bilakaera. Maila horia, laranja eta gorria ere gainditu zituen atzo goizean. Prezipitazioak eten ahala, murrizten joan zen ur-emaria. 19:00ak aldera maila laranjara jaitsi zen, maila horira 21:00ak aldera. Goizaldeko 2:00ak pasatxoan itzuli da ohikoa duen maila berdera eta ordutik, gaur goizera arte gutxiagotzen segi du bere ur-emariak.

Urak jaitsi ahala, nabaria zen asteazken goiz honetan errio ertzean, azken orduotako uholdeek utzitako arrastoa; bereziki, urak goialdetik ekarritakoa edo tokiz mugiarazitakoa. Nabarmentzekoa, zuhaitzetan ikusi daitezkeen "fruitu berriak"; zintzilik geratu diren plastiko eta bestelako hondakinak. Atzo urpean ziren erriberetan ere nabariak ziren ur-putzuak, kaltetutako baratzak, zuhaitz enborrak ibai bazterretan. 

Erriberetara jaisteko bideak ere zabalik ziren gaur goizean, bat izan ezik; Txikierdi eta Zubieta lotzen dituena. Izan ere, uholdeetan ohikoa den moduan, Aliriko zubitik Zubietara doan Oria ertzeko bide zatia urpean geratu zen. Asteazken goiz honetan, udal brigada eremu hori garbitzeko lanetan jardun da. Zubitik gertu, atzo urpean geratutako ibilgailua ere bidetik ateratzeko lanetan aritu dira.