Jakin Jardunaldia

Jakin Jardunaldia Artzabaldik aterako duten bi hitzordu

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 13a, 09:26

"Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" UEU-ren 52. udako ikastaroen baitako Jakin Jardunaldia antolatu dute ekainaren 20an eta 21ean Artzabalen. Bi hitzordu ordea, Artzabaldik kanpo egingo dira. Batetik, Usurbil 1936 elkarteak jardunaldian hitza hartuko du eta segidan herrian barrena ibilaldi gidatua egingo da. Bestetik, "Negu hurbilak" filma proiektatuko dute Sutegin. Proiekziorako eta haren ondorengo solasaldira joateko aukera izango dute Jakin Jardunaldiko parte hartzaileek baita interesa duen herritar orok ere.

Usurbilgo Udalak, UEU-k eta Jakinek elkarlanean ekainaren 20rako eta 21erako Artzabalen antolaturiko "gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" izeneko Jakin Jardunaldiko hitzorduei dagokienean, badira aurtengora begira nabarmendu beharreko bi berezitasun.

Batetik, aurreko zenbait edizioetan gertatu moduan, Usurbilen egingo den jardunaldiaren aurkezpenean antolatzaileetako batek, Jakinen zuzendari Lorea Agirrek gogorarazi moduan, “Usurbil bada herri bizia kultura aldetik. Edozein gai planteatzen dugula beti dago herrian erreferentziazkoa izan daitekeen ekimen bat eta hori interesagarria da gaiak berak lur hartzen duelako, ematen ari garen leku horretan”. Aurtengoan, memoriaz ariko direnez, udalerri honetako oroimen historikoa berreskuratzeko lanean diharduen Usurbil 1936 elkarteko kideak gonbidatuko dituzte ekainaren 20an, Andatzako lubakietan eginiko indusketa lanen berri emateko. Segidan, ibilaldi gidatua programatu dute herrian barrena.

Beste berrikuntza bat; izan ere, aurtengoan ekitaldi gehienak Artzabalen egingo diren arren jardunaldian izena eman dutenentzat, bada hitzordu bat Sutegin egingo dena, auditorioko eserlekuak bete arte herriari irekiko dena; “Negu hurbilak” izeneko filma proiektatuko dute hilaren 21ean. Aipatu moduan, herritar orok joan ahalko du proiekzioa ikustera. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sarrera doakoa izango da, aforoa bete arte. "Negu Hurbilak-ek, zehazki, arrazoi politikoengatik eta errepresaliak izateko beldur direlako, beren lurraldetik ihes egin behar izan duten iheslarien esperientzia aztertzen du. Gutxitan hitz egin da gatazkaren alderdi horretaz, tabuak bezalaxe, gaiari heltzeko orduan, gehienetan estalita geratu den ikuspegia izan da...". Film proiekzioaren osteko solasaldian izango dira, Mikel Ibarguren eta Ekain Albite zuzendariak.

"Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" izeneko Jakin Jardunaldirako matrikulazio epea zabalik duzue. Segidan dituzue egitaraua eta xehetasunak:

"Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka"
Egunak: ekainak 20, 21.
Ordutegia: 9:00-17:30 (ekainak 20), 9:30-14:30 (ekainak 21).
Tokia: Artzabal.
Zehaztasunak: "Gatazka baten memoria egiteko saiakerek memoriaren gatazka ekarri ohi dute. Presentzia desberdina hartzen duten ahots ugari nahasten dira botere-harremanen dinamikak erabat zeharkatutako memoriagintza prozesuan. Horregatik, euskal gatazkaren testuingurura etorrita, auzi ugari ekartzen ditu memoriaren gaiak: Zer ahots ari dira memoria egiten? Zeintzuk ez dira ari? Nola eman eta kentzen zaie zilegitasuna ahots horiei? Nolakoa da museoetan, oroiguneetan, fikzioan, ikerketetan jasotzen ari garen memoria? Nolakoa memoriagintza hori? Noraino luzatzen da euskal gatazkaren memoria? Eta belaunaldi gazteenek, zer jaso eta zer sortzen dute gatazkaren inguruan?".
Oharra: plaza mugatuak.
Informazio gehiago eta izen-ematea: ueu.eus

Egitaraua:

Ekainak 20, osteguna
08:45-09:00 Harrera eta dokumentazio banaketa.
09:00-09:30 Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.
Aitor Bengoetxea Alkorta, UEUko zuzendaria.
Agurtzane Solaberrieta Mesa, Usurbilgo alkatea.
Lorea Agirre Dorronsoro, Jakineko zuzendaria.
09:30-10:30 "Eziñ-esanaren miña; miñen ezin-esana". Gatazka nazionalaren teorizazioaren inguruko gogoeta bat. Cira Crespo, historialaria.
10:30-11:15 "Memoria, boterea, gatazka: hainbat hari-mutur". Iñaki Sagardoi Leuza, antropologoa, NUPeko irakaslea.
11:15-11:45  Atsedenaldia.
11:45-12:30 "Ez gaitzazue ezabatu. Ezker Abertzaleko emakumeen militantzia eta errepresioaren memoria". Olatz Dañobeitia, Antropologian doktorea.
12:30-13:15 "Batzuk, bestiak eta piztiak. Euskal gatazkaren irakurketa bitarra gainditzeko proposamen feminista bat".
13:15-15:15 Bazkaltzeko tartea.
15:15-16:00 "Isilpeko historia berreskuratuz. 1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua". Ione Zuloaga, historialaria, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea.
16:00-16:30 "Usurbil 1936, ezkutatua argitara ematen". Arantxa Manterola eta Xuban Zubiria, Usurbil 1936 elkarteko kideak.
16:30-17:30 Usurbil 1936: ibilaldi gidatua.

Ekainak 21, ostirala
09:30-10:15 "Besteen lurraldea da iragana. Gazteak, gatazka eta memoria trantsitatzeko aukerak". Samara Velte, Politika eta Kulturan doktorea (UPV/EHU) eta Ikus-entzunezko Komunikazioko irakaslea EHUn
10:15-10:45 "Txikitasunetik memoria eraikitzen: lehen pausuak Antzuolan". Onintza Legorburu eta Ane Alberdi, "Memoria josten: gatazka armatua Antzuolan 1958-2011" liburuaren egileak.
10:45-11:15 "Martxoak 3 Memoriagunea: Gasteizko Herri M3moriaren erronka". Julen Diaz de Argote, Martxoaren 3ko Memoriagunerako proiektuen arduraduna.
11:15-11:45 "Joan da negua? Euskal gatazka fikziora eramateko narratiba berriak". Mikel Ibarguren eta Ekain Albite, Negu Hurbilak filmaren zuzendariak.
11:45-12:30 Atsedenaldia.
12:30-14:30 "Negu Hurbilak" filma eta solasaldia Sutegin. Saio irekia, aforoa bete arte.

Antolatzaileak: UEU, Jakin eta Usurbilgo Udala.