Harrera beroa egin zion Usurbilgo herriak Urderi, estreinakoz otsailaren 28an eginiko herri inauterietan. Ospakizunotako protagonista itzulia da bizileku duen Andatzara, NOAUA!ra helarazitako mezuan aditzera eman duenez.
Indarrak berritzen hasia da, urtebete barru gure artera itzultzeko. Ondoko eskertza mezua helarazi dio hedabide honi.
Urderen eskertza
Itzuli naiz Andatzara, etxera. Zein goxo hartu nauzuen zuen herrian. Hasiera batean bidez nahastu banintzen ere, asmatu nuen herriaren bihotzera iristen. Bihurri xamarra naiz normalean, baina, hala ere, halako harrerek liluratzen naute, nahiz eta ez diodan patata azalak botatzeari sekula utziko.
Eskerrik asko Adarjotzaile, Belmonte, Kantu taldea, Jostunak, Ixabel, Noaua!, Orbeldi, Txirikorda, Ziortza eta Zumarteri, zuei esker entzun bainuen itzultzeko abisua. Ea hurrengoan deiadarra ozenagoa den, nire herriko egonaldia luzatuko bailuke horrek, eta hala lortuko baitugu festa inoiz ez amaitzea.
Hementxe nago sutondoan jarrita, indarrak berritzen, hurrengo urtean zuengana itzultzeko berriro, hala nahi baduzue, behintzat.
Urde