Garagardo Azoka

Eneko Furundarena Maizekin abiarazi dute Garagardo Azoka

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 16a

Bidasoa Irun taldeko jokalari usurbildarrak eman dio hasiera Usurbil Kirol Elkarteak lau egunotarako frontoian antolaturiko Garagardo Azokari.

Zabalik da, gaur hasita igandera arte, apirilaren 19ra arte, Usurbil Kirol Elkarteak frontoian antolaturiko Garagardo Azoka. Arratsaldeko 19:00etan eman diote hasiera, herria girotu eta eskubaloi taldeen bilgunearentzako laguntza jasotzea xede izango duen egunotako ekimenari.

Frontoian kokaturiko oholtzatik abiarazteko eginiko ekitaldira gonbidatua zuten Urdaiagako Jon Begiristain Agirre, azken denboraldiotan, Bera Bera eskubaloi taldeko entrenatzaile laguntzailea izandakoa, hurrengo denboralditik aurrera, taldeko prestatzaile nagusia izango dena. Usurbil Kirol Elkartetik azokaren irekieran ohartarazi moduan, "ezin izan du etorri, azkenean".

Herri honek Usurbilen nahiz bertatik kanpo duen presentzia eta garrantziaren islada, Begiristain ordezkatu eta punta-puntan dabilen beste eskubaloi jokalaria; garai batean, sorterrian, Usurbil K.E.-rekin eta egun, Bidasoa Irun taldearekin lehiatzen ari den Eneko Furundarena Maiz; "Usurbilgo harrobiak eman duen azken jokalari profesionala, oraingoz", Usurbil K.E.-ko ordezkari Julen Nazabalek nabarmendu duenez.

"Animatu eskubaloia gerturatzera"
Furundarenak hitza hartzeko tartea, lehenik, eskerrak helarazteko baliatu nahi izan du. "Eskerrak eman, asteburu osoan zehar, lanean egongo zareten guztioi, baita urte guztian zehar, kluba aurrera ateratzen laguntzen duzuen guztioi ere".

Era berean, eskubaloi taldeak zoriondu nahi izan ditu, "talde guztiak lortzen ari diren emaitzengatik". Azkenik, plazan jolasean zebilen belaunaldi gazteenari gonbita egin nahi izan dio. "Han, atzean jolasten ari diren haur eta gazte guztiei animatu eskubaloira gerturatzera. Azkenean, klubak izan dezakeen albiste onena, behetik jendea datorrela ikustea da. Besterik gabe, gozatu asteburuaz eta gora Usurbil K.E.!".

Usurbil Kirol Elkarteko ordezkari Julen Nazabalekin batera, Eneko Furundarena Maizek eman dio hasiera ofizialki, garagardoarekin topa eginez, lau egunotako azokari.