“Komunitatetik, heriotzaz"

“Heriotza eta literatura” hizpide Sutegi udal liburutegian

Noaua Aldizkaria

"Komunitatetik, heriotzaz" zikloaren baitan, "heriotza eta literatura" izango dute aztergai irailaren 22an Sutegi udal liburutegian.

Uda osteko hitzordu zikloari ekiteko, udaberriaz geroztik Udalak eragile gehiagorekin abiarazitako "Komunitatetik, heriotzaz" zikloko hurrengo saioari lekua egingo dio Sutegi udal liburutegiak irailaren 22an. Heriotzaren gaia askotariko ertzetatik aztertu, hausnartu eta gai honen bueltako tabua arrakalatzen ari dira hilabeteotan. Oraingo honetan, literaturaren ikuspuntutik aztertuko dute gaia.

Horretarako, literaturan aditua eta Skolastikako kide Ainhoa Aldazabal gonbidatu dute. "Literaturak bizi esperientziak jasotzen dituen moduan jasotzen ditu heriotza esperientziak. Heriotzak, hileta errituak, doluak... literaturan nola jasotzen diren ikusiko dugu elkarrekin".

"Komunitatetik, heriotzaz" zikloa borobiltzeko beste bi hitzordu antolatu dituzte udazken parte honetarako; batetik, aiten begiradatik seme-alaben galeraren dolua izango dute mintzagai, "Aitatxo. Isiltasuneko ahotsak" dokumentalaren proiekzioaren bidez. Azkenik, heriotza kulturartekotasunetik aztertuko dute azaroan.


“Komunitatetik, heriotzaz” zikloa
Irailak 22, asteartea

18:30 “Heriotza eta literatura” solasaldia Sutegi udal liburutegian. 
Gidaria: Ainhoa Aldazabal literaturan aditua eta Skolastikako kidea.
Zehaztasunak: "Literaturak bizi esperientziak jasotzen dituen moduan jasotzen ditu heriotza esperientziak. Heriotzak, hileta errituak, doluak... literaturan nola jasotzen diren ikusiko dugu elkarrekin".

Urriak 18, igandea
18:00 "Aitatxo. Isiltasuneko ahotsak" dokumentalaren proiekzioa Sutegin.
Zehaztasunak: "Seme-alaba baten galeraren dolua azaltzen du ikus-entzunezkoak, aitaren begiradatik. Seme-alabaren bat galdu duten lau aitaren testigantzen bidez, dokumentalak aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu. Emanaldiaren ostean, filmaren sustatzaile Anakotz Lasarterekin solasaldia izango da".

Azaroak 5, osteguna
18:00 "Heriotza eta kulturartekotasuna" solasaldia Sutegi auditorioan.
Zehaztasunak: "Hainbat jatorritako herritarren arteko solasaldia, sorterrian heriotza bizitzeko duten moduaz".
Hizkuntza: gaztelania.

Saioetarako izen-ematea: aurrez eta doan eman ahalko da izena, usurbilkultura.eus plataforman. 
Bultzatzailea: Usurbil herri zaintzailea.
Laguntzaileak: Bidegin eta Iñurri elkarteak, Hil Arte Bizi egitasmoa eta Matia fundazioa.