Ondorengotza tokiko zerbitzuetan

Tokiko zerbitzu txikien belaunaldi erreleboa sustatzeko dirulaguntza deialdia abiarazi dute

Noaua Aldizkaria

Usurbilgo tokiko zerbitzu txikien belaunaldi erreleboa sustatzeko dirulaguntza deialdi berria abiarazi du Usurbilgo Udalak, Siadeco Ikerketa Elkartearekin eta Beterri Buruntza Mankomunitatearekin lankidetzan. Deialdi horretara aurkezturikoa da, jada ondorengotza bermatzeko lanketa bideraturiko Pello arrandegia. Udal laguntza lerro berria aurkezteko berriki eginiko agerraldian elkartu ziren eragile guztiotako ordezkariak.

"Udal dirulaguntza politikari lotutako pauso berri baten berri ematera gatoz", iragarri zuen agerraldi bidez, Iratxe Begiristain udal zinegotziak. Izan ere,  2026. urteko Usurbilgo tokiko zerbitzu txikien belaunaldi erreleboa sustatzeko dirulaguntza jarri du martxan Usurbilgo Udalak, Siadecorekin eta Beterri Buruntza Mankomunitatearekin sustaturiko lankidetzaren baitan.

Begiristainek gogora ekarritakoaren arabera, "azken urteetan, hainbat establezimendu itxi dira gure herrian. Denbora aurrera doa eta ez dira berriz irekitzen". Horregatik dute abian, Usurbil Zabalik izeneko dirulaguntza azken urteotan, "hutsik dauden lokal komertzialak berriz ere jardueraz betetzeko asmoz". 

"Elkar zaintzeko eta harremanak sendotzeko"
Egoera horren ondorioez ohartarazi zuen Begiristainek. "Zenbait gremio gure herritik desagertzea eragin du" eta hori da hain zuzen, eragozten ahalegindu nahi dutena. Izan ere, "herri bati bizitza ematen dioten" elementu gakoen artean dira udal zinegotziaren esanetan, herriko zerbitzuak. "Dudarik gabe, tokiko zerbitzu txikiek multzo garrantzitsua osatzen dute".

Hala dira, eskaintzen dituzten onurengatik. Besteak beste, "eguneroko beharrei aurre egiteko erosketak herrian bertan egin ahal izateak inora mugitu behar izan gabe, herritarren ongizateari mesede egiten dio". Salerosketetatik haratago, "elkar zaintzeko eta harremanak sendotzeko bidea ere ematen dute, komunitatea trinkotzekoa". Ildo horretan, merkatariek "herritarren zaintzarako sena edo joera" nabarmendu zuen Begiristainek.

Zaintzaren ildo hau jorratzen ari dira azken urteotan. "Udalak eta tokiko zerbitzuek bat egin dugu Usurbil herri zaintzaileagoa izateko helburuarekin".

"Espero genuena baino kezkagarriagoa"
Horrekin batera, saltokien itxierak eragindako kezka tarteko, gaia aztertzea galdegin zioten Siadecori.  Emaitza horietan oinarrituta, abiarazi dute Usurbilgo tokiko zerbitzu txikien belaunaldi erreleboa sustatzeko udal dirulaguntza deialdi berria. "Kezka batekin abiatu genuen azterketa eta azterketak kezka hori benetakoa zela erakutsi zigun. Egoera, espero genuena baino kezkagarriagoa dela ikusi genuen diagnosi horrekin".

Horregatik, Begiristainek gogorarazi moduan, "ahalik eta azkarren ekiteko erabakia hartu genuen Udaletik. Osoko bilkuran jakinarazi genuen, dirulaguntza hau martxan jartzera gindoazela". Ondorioz, "kreditu aldaketa baten bidez, Udalak 35.800 euro bideratuko ditu tokiko zerbitzu txikien belaunaldi errelebo hau laguntzera".

"Garaiz hastea garrantzitsua da"
Urrats hauek ematen hasita, udal zinegotziak aipatu agerraldian zioenez, "gaur pozik esan dezakegu, bidea zabaltzen ari garela. Pello arrandegiak badu ondorengoa eta dirulaguntza hau eskatzeko tramiteak egiten hasia da". Bide horretara tokiko zerbitzu gehiago batzea nahi lukete. "Udalak, Siadecok eta Beterri Buruntza Mankomunitateak lanketa honetan jarraitu nahi dugu, bakoitzak beretik, ahal den kasu guztietan, eskuordetza hori gauzatu ahal izateko", argi azpimarratu zuen moduan, "itxiera egunera arte itxaron gabe. Garaiz hastea garrantzitsua da, batipat, ezagutzaren transmisioa eman ahal izateko, urteetan, gure herrian lan egin duten merkatarien ezagutza hori, gero etorriko diren merkatari berrien esku jartzeko".

Garrantzitsutzat jo zuen Begiristainek azken ideia hori, "ahalik eta gremio gehien bermatu ahal izateko eta herri honen eskaintza ahalik eta osatuena izateko". Argi denez, "hori ez da egun batetik bestera egiten, aurretik lana eskatzen du. Belaunaldi erreleboan lagundu nahi dugu, ezagutzaren transmisio horretan indarra jarrita".