Gauetan ilunena badator, bueltan datorkigu eta Gau Beltza Usurbilera. Urriaren 31n izango da. Garai batean Kalezarren egiten hasi ostean, iaz estreinakoz herriraturiko ospakizun iluntzea bi aste barru ospatuko da. Hainbat herri eragile lankidetzan ari dira duela urtebete bezalaxe, iluntze tarte hori prestatzen, herritik bertatik tokiko gaualdia atontzen.
Iaz bezala, ez da faltako iluntasunean lagunartean jolasteko tarterik. Kalejira izango da gero eta plazan amaiera girotu eta musikatua izango du 2026ko Gau Beltzak. Urteko gau beldurgarriena, lagunarte giro ederrean bizi, sentitu, iluntasuna piztu eta partekatzeko aukera aparta izango da beraz, hilaren 31n.
Hasi prestatzen mozorroak eta batez ere, agendan ondo gorde hilaren 31ko hitzordua; iluntasunean barneratu eta beldurra komunitatean uxatzeko gaua argituko dute ziur, belaunaldi ezberdinetako herritarrek.
Oraingo honetan, gainera, euskarri berri bat izango duzue eskura. Carola Giraudo eta Ander Zuloaga herritarrek Hezur Lapurri buruz ondutako ipuina eskuragarri izango da asteotan herriko ikastetxeetan, NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan nahiz Sutegi udal liburutegian.
Egitasmo horri nahiz Gau Beltzari lotutako xehetasun gehiago, datozen egunotan jasoko dituzue. Bitartean, albiste honi atxikiak dituzue iazko Gau Beltzeko irudiak.
