Gau Beltza

Oihu eta dantza artean uxatu dute Hezur Lapur

Noaua Aldizkaria

Gau Beltzak Dema plaza izan du ospakizunaren erdigunea, Hezur Lapur uxatzeko eginiko errituarekin. Dantza, beldurren erretzea eta nola ez, izaki beldurgarria uxatzeko oihu artean joan da hitzordua.

Ez izan zen ikusi, baina entzun bai, entzuteko aukera izan zen, eta honenbestez, hor zegoela, gertu zebilela sentitu ahal izan zuten. Hezur Lapur gure artera heldu da bart, urteroko ohiturari hutsik egin gabe, geure artean beldurra hedatu nahian. Baina iaztik, sendotzen doan komunitate bat aurkitu du aurrez aurre, hark eragindako izua desegiteko prest.

Horren lekukoak izan dira bart Dema plazan bildutakoak. Herri eragile eta herrikide hainbatek antolaturiko Gau Beltzaren amaierako ospakizuna egin dute bertan, iluntze hasierako jolasen eta kalejiraren ondotik.

"Hemendik dabil"
Hezur Lapur uxatzen aritu ohi diren hiru sorginek aurkezturiko ekitaldian, argi adierazi diete bertan bildutakoei, haien laguntza behar zutela Hezur Lapur uxatzeko. Izan ere, ekitaldian bertan sumatu da, ez zebilela urruti, ilunpetan ikusi ezin izan den beldur eragilea.

"Hemendik dabil", ziurtatu dute ekitaldiko aurkezleek. Horregatik, galdetu diete Dema plazan bildutakoei; "zer egin behar dugu?". Argi zuten, bai, uxatu egin behar zela. Horretarako, ordea, ezinbesteko bi baldintza bete beharrak zeuden; jada plazan erdietsi zuten bat, elkarrekin biltzea. Eta bigarrenik, komunitatean bilduta, batera gogotik oihu egitea. Orduantxe heldu da urteroko erritua laburbiltzen duten hitz magikoak adierazteko unea. Denen artean uxatu nahi izan dute Hezur Lapur, "agur beldur! agur Hezur Lapur!" ahoskatuz.

Behin ez, bitan gutxienez errepikatu dute erritu hori; lehenengoan ozen, baina badaezpada, bigarrenean ozenago, aurtengoz Hezur Lapur erabat uxatzeko.

Tokiko ohitura sortzen
Horrekin batera, aurrez etxean nahiz ekitaldian bertan egokitutako postuan idatzitako beldurrak erretzeko aukera izan da plazan. Dantzak eta musikak osatu eta girotu dute, lastargien argiek soilik "piztutako" Dema plazako Gau Beltzaren amaiera.

Lehendik Kalezarren ospatu arren, bigarren urtea da, Gau Beltza herriratu dutena Usurbilen. Bistan denez, helburua betetzen doa; ohitura sortzen ari da, hutsik egin ezinezko errituan bilakatzen doa Gau Beltza. Atzerriko ohituren eraginaren aurrean, tokitik erantzuteko eskaintza ederra osatu dute bigarren urtez udalerri honetan.