"Pasa den asteazkenean gure telebista publikoari ez zitzaion iruditu albiste hau ikusi behar zenuenik baina gizarte demokratiko batean herritarrok dugu azken hitza. Denon artean egun horretako audientzia gainditzea lortu behar dugu. Baietz 200.000 ikustaldi izan?", hala dio GuraSOSek azken orduotan zabaldu eta albiste honi atxikia duzuen bideoan. Bideo hau ikusi eta partekatzeko deia egin dute, "osasuna eta natura guztion kontuak direlako".
Zubietako erraustegian izandako irregulartasunak salatu zituzten urtarrilaren 29an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin zuten agerraldi bidez, "besteak beste, ingurumen baimena iraungita dagoela eta istripu larri bat ezkutatu izana". Horiek aipatu bideo honetan bildu dituzte.
Ingurumen baimenari dagokionez, GuraSOSek "urtarrilaren 23an Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailarentzako eskaera erregistratu zuen, Jaurlaritzak erraustegiaren ingurumen baimena iraungita dagoela onar dezan. Jaurlaritzak urrian aldi baterako bertan behera utzi zuen probetako erraustegiaren epea, baina erabaki hori gezurrezkoa zen, dokumentuaren baliotasunaren iraungipena saihesteko faltsukeriatan oinarrituta baitzegoen".
GuraSOSek berri eman duenez bestalde, "industria ordezkaritzak enpresa emakidadunaren aurkako espediente zigortzaileari hasiera eman dio, ekainaren 11n transformadorean izandako eztanda dela eta".
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) irregulartasun salaketa hauek gezurtatu dituela ere berri ematen du GuraSOSek. "GHK-k ukatu egin ditu akusazioak eta azaldu du probak ingurumen baimenean aurreikusitakoaren arabera egiten ari direla Zubietan. Ekainaren 11n jazotako gertaeraren harira, GHK-k ukatu egin du transformadorean eztanda bat jaso izana eta zirkuitu laburra izan zela ziurtatu du. Asensiok arduragabekeriaz jokatzea egotzi dio Gurasosi eta alarma asoziala pizteko helburuz herritarrak desinformatzea ere leporatu dio".
Bigarren agerraldia bihar
Zubietako erraustegian izandako hainbat irregulartasun salatu zituen joan den astean GuraSOSek agerraldi bidez. "Kontuz, ama naiz!" kanpaina ere aurkeztu zuten. Ostegunerako (otsailak 6) bigarren prentsaurrekoa deitu du goizeko 10:30etan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. "Lege-hauste larriak eta konspirazio baten berri" izenburupean iragarri du hedabideentzako hitzordua. Plazaratuko dituzten "salaketa berriak eta ekimen juridiko berriak aurreko astekoak baino eskandalagarriagoak" izango direla aurreratu du GuraSOSek.
Horrekin batera iragarri dutenez, "aurreko asteko salaketak eman dituzten emaitzen berri emango dugu".