Gogoan izango duzue, "gure ingurumenaren altxorraren zati baten kontzientzia" berreskuratzeko ekimen zikloa antolatu zuen hilabeteko lehen hamabostaldian, Anerreka Ingurumen Elkarteak. Batetik, iaz erraustegiko eremutik isuritako amoniakoak ehunka arrain hil zituen Arkaitzerrekara martxa Usurbildik eta Zubietatik. Arkaitzerreka bizirik eta erraustegia itxita nahi dutela aldarrikatu zuten. Gelditu arte, erraustegiak eragin eta konpondu gabeko kaltea kontrolatzen segitzeko deia egin zuen aipatu ingurumen elkarteak.
Ur beltzen isurketa, amiantoa...
Bestetik, Anerreka ingurua hondakinez garbitzeko auzolanerako deialdia egin zuten hilaren 15ean. "Plastiko asko gure ingurunetik iristen dira itsasora", ohartarazi zuten. Auzolan esperientzia honek erakutsi zuen, badugula zer ikasia, zer hobetua, ingurunearen zaintzan. "Kezkatuta gaude Aranerrekako parkearen inguruan oraindik ere ur beltzak isurtzen direlako, amiantoa aurkitu dugulako eta Ugartondoko etxebizitzek errekari eragin diezaioketelako", Anerrekak ohartarazi duenez.
Ekimenokin bat egin zuten guztiei eskertza mezua helarazi nahi izan die NOAUA! bidez, Anerreka Ingurumen Elkarteak, "Arkaitzerrekarako martxan eta Aranerrekako garbiketan parte hartu duzuenoi eta animatu eta lagundu diguzuenoi. Pozgarria izan da zuen laguntza sentitzea, baita zuen interesa eta laguntzeko prestutasuna ere. Atsegingarria da lau pertsona baino gehiago garela sentitzea, helburu bera duen komunitate bat ordezkatzen dugula".
Erronka berri bikoitz bat proposatu dute; "Arkaitzerrekan aingirak ikusteko eta Aranerrekaren ur gardenetan freskatzeko irteerak antolatzea".
Usurbilgo erreken aukerak eta bazterrak
Lerro hauen bidez, Anerreka Elkarteko kideok eskerrak eman nahi dizkiegu Arkaitzerrekarako martxan eta Aranerrekako garbiketan parte hartu duzuenoi eta animatu eta lagundu diguzuenoi. Pozgarria izan da zuen laguntza sentitzea, baita zuen interesa eta laguntzeko prestutasuna ere. Atsegingarria da lau pertsona baino gehiago garela sentitzea, helburu bera duen komunitate bat ordezkatzen dugula.
Bi ekintza hauen helburu nagusia gure ingurumenaren altxorraren zati baten kontzientzia berreskuratzea izan da; Usurbilgo errekak. Egia esan, dena ez da polita izan: arrainak bakarrik ikusi ditugu frontoian marraztuta. Eta hori -ohikoa bihurtzen ari den arren- ez da normala: Arkaitzerrekan inoiz martxan jarri behar ez zuten erraustegiak hil ditu.
Eta Aranerrekan zer? Alde batetik, ulertezina da herritik bi kilometrora jaiotzen den erreka inoiz gardena ez izatea. Bestetik, parke bat eta pasealeku bat egitea ondo legoke, baldin eta gizakiaren eta naturaren arteko bizikidetza-harremanak sustatuko balira. Parkea sortzeak errekaren ertzak eta ura garbiak eta seguruak mantentzeko konpromiso dakar; haurrak erakartzeko gune bat sortzen baduzu, naturaltasunez bere uretan sartuko direla aurreikusi behar duzu. Izan ere, kezkatuta gaude Aranerrekako parkearen inguruan oraindik ere ur beltzak isurtzen direlako, amiantoa aurkitu dugulako eta Ugartondoko etxebizitzek errekari eragin diezaioketelako.
Herria zeharkatzen duelako, Aranerreka aukera paregabea da: errekek merezi duten babesa eta errespetuzko jokaerak sustatzeko, bere inguruan sortzen den bizitzaz konsziente izateko (landareak, animaliak...), ekosistema bereko parte garela sentitzeko; amalurra.
Hurrengo erronka: Arkaitzerrekan aingirak ikusteko eta Aranerrekaren ur gardenetan freskatzeko irteerak antolatzea.