"Guztiak merezi izan du"

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 4a, 10:49

Bi asteburuko ekimenen zikloak izandako harrerarekin pozik eta esker oneko agertu da Orbeldi, sare sozialen bidez zabaldu duen oharrean.

Dantzari gaztetxoen eta helduen topaketetako kalejira eta emanaldiak, erromeria taldeek girotuak. 11. Dantza Eguna, besteak beste, kantuarekin ere uztarturiko kalejira bereziarekin, tranpaldo irekia eta "Hala bazan!" herri ikuskizunaren estreinaldi ederrarekin. Ezin oparoago joan berri zaigu aurreko asteburuan Orbeldiren Dantzaroa zikloa. Aste hasiera honetan antolatzaileek sare sozialen bidez plazaraturiko mezuan berri eman zutenez, "oraindik aje emozionalarekin gaude". Lan askoko egunak bizi izan dituztela adierazi dute. "Ordu luzeetako bilera eta entsegu askoren emaitza izan dira bi asteburu hauek. Gogorra izan da, ez dugu gezurrik esango, lan handia egin behar izan dugu eta". 

Gogorra bezain gozagarria halere, eta esker oneko agertu dira herriak emandako erantzunagatik. "Guztiak merezi izan du, herritarrengandik jasotako harrera izugarria izan baita, eta guk ere inork baino gehiago gozatu baitugu. Mila esker, beraz, Usurbil!". Dantzaroa antolatu eta plazaratzea ahalbidetu duten guztiak eskertu ditu Orbeldik. Iragarri dutenez, datorren urtean bueltan izango da ekimen zikloa.

Zozketa
Tokiko produktuez osaturiko otarra zozketatu zuen Orbeldik "Hala bazan!" herri ikuskizunaren amaieran. Zenbaki saritua, 461 izan zen.