Usurbil 1936

"Ezinbestekoak izan zarete!"

Noaua Aldizkaria 2024ko api. 25a, 10:13

Usurbil 1936 elkarteak gutun bidez eskertu ditu, apirilaren 13an gerra garaiko Andatzako defentsa-lerrora eginiko bisita gidatu eta antzeztua egitea ahalbidetu zutenak.

NOAUA!ra helerazitako gutunean, "hau ere herria egiteko modu bat" dela nabarmendu du Usurbilgo oroimen historikoa berreskuratzen ari den bilguneak.


Ezinbestekoak izan zarete!
1936ko gerrak gure herrian izan zuen eragina ikertzen hasi ginenean, ezer gutxi genekien Andatzan abuztuaren bukaeratik irail erdialdera izan ziren borrokez. Justu lubaki batzuen zantzuak eta informazio apur bat. 2022 eta 2023ko udan arkeologo taldearen eta auzolanean aritutako herritarren laguntzari esker, gaur egun gehiago dakigu eta, garai triste eta gogor batekoa izaki ere, Usurbilgo ondare historiko bat agerian jartzea lortu dugu. Are, panelez eta QR-z hornitutako Andatzako Oroimen ibilbidea markatu dugu nahi duenak, nahi duenean, bere kasa ikusteko aukera izan dezan.

Apirilaren 13an berreskuratutako lubakiak erakusteko eta Andatzako defentsa lerroan jazotakoaz informatzeko, testuinguru historikoa azaltzeko eta lan arkeologikoaren emaitzak erakusteko bisita gidatua egin genuen, pasarte antzeztu batzuekin girotuta. Hasiera batean asmoa iazko urrian egitea zen baina orduan, oraingoan ez bezala, eguraldia ez genuen alde izan.

Aitortu behar dugu gure elkartea ur handiegitan sartu zela, antzezpenaren ezaugarriez gain, antzeztokia mendian bertan izateak sekulako konplikazioak ekarri baititu. Baina egin genuen eta bisitan parte hartu zutenen 80 bat lagunen aldetik jasotako mezuen arabera, nahiko txukun geratu zelakoan gaude.

Hau guztia ezinezkoa izango zen gure elkarteko indar apurrekin. Ezinezkoa izango zen antolaketa lanetara hainbat lagun batu ez baziren (Iñaki, Fermin, Mikel); udalaren eta udal-brigadaren laguntza izan ez bagenu; beren ibilgailu bereziekin Ugaitz, Luis, Xabier, Juanjo, Maider, Victor inplikatu ez baziren; kanpotik etorritako Oroimen detekzio taldea, Intxorta 1937, Lubakikoak, Euzkadiko Fronteak, Burdin Hesiaren Oroimen museoa, Iparraldeko Artilleria elkarteetako eskarmentu handiko kideen partaidetzarik gabe; Elgetako udalak utzitako materialik gabe; azalpen argiak eman zituzten Aitor eta Josurik gabe; grabazio eta argazkigintzan aritu ziren Mattin eta Ibai gabe; figurante moduan parte hartu zuten kanpoko eta, bereziki, herriko gazteen inplikaziorik gabe edota aholkutan, dekorazioan, atonketan eta logistikan aritu ziren lagunik gabe. Eta bukaeran, Aitzaga elkartean bazkaria goxoa prestatu ziguten Arkaitz eta Karlos gabe. Orotara, 45-50 pertsona. Guztiak bidelagun izan ditugu abentura honetan eta biziki eskertu nahi ditugu horren ezkutuan egon den eta hainbeste sufrimendu eragin zuen gure historiaren zati hau argitara ematen laguntzeagatik. Hau ere herria egiteko modu bat.