"Usurbilgo familiek ez dugu utziko gure seme-alaben eskubideak defendatzeari"

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 27a, 13:12

Osteguneko udalbatzaren osoko bilkuran bizitakoaren balantzea plazaratu dute, Usurbilgo osasun-etxean pediatria zerbitzu duina izateko ahaleginean dabiltzan herriko gurasoek. Balorazio gazi-gozoa helarazi dute.

Gozoa, oso baikortzat jo dutelako gurasook irailaren 26ko osoko bilkuran aurkezturiko mozioa EHBilduren udal ordezkarien babesarekin gehiengo osoz onartu izana, baita Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak gai honekin gertatzen ari denaz emandako argibideengatik ere, "herrian zebiltzan zurrumurruak berretsi zituelako, eta herritarrei jakinarazi zigulako, gehienez urriaren 6rako, beste pediatra bat Usurbilgo Osasun Zentroan lanean hasiko dela, horrela, gure haurrei eskubidez dagozkien zerbitzu osoa eskainiz. Horrez gain, zehaztu zuen profesional berriak ez duela guztiz betetzen plaza horrek eskatzen duen hizkuntza eskakizun profila. Alkateak gaineratu zuen aste honetan bertan telefonoz jakinarazi diola informazio hori Donostialdea ESIko arduradunak, eta erakunde hori lanean ari dela plaza horrek eskatzen dituen ezaugarri guztiak betetzen dituen pediatra bat bideratzeko, nahiz eta oraingoz, tamalez, ez den posible".

Bestalde, gurasook tristura agertu dute hedabideetara helarazitako ohar bidez, "batetik, EAJ eta PSE-EE alderdiak gure aldarrikapen honekin bat etorri ez zirelako, azken hilabeteotan jasandako gabeziak agerikoak izan arren. Eta oso haserre, bestetik, bi alderdi horiek aurkeztutako mozio alternatiboa irakurri aurretik emandako argudioak guztiz gaitzesten ditugulako (azpimarratu baita ere, argudiaketa testuinguru hori ez zegoela idatzita erregistratutako mozio alternatiboan, baizik eta osteguneko plenoan lehen aldiz jakinarazi zirela)".

Argibideak
Oposizioko bi udal taldeek esandakoei helduta esan dute, "haien adierazpenetan, familioi eta Usurbilgo Udalari egozten zaigu apirilera arte gure herriko Osasun Zentroan lanean ari zen pediatra uxatu izana; euskaraz egiten ez zuela argudiatuz herritarron eta udalaren aldetik jasotako presioen ondorioz bere lan postua uztera behartuta ikusi zela. Argi eta garbi utzi nahi dugu adierazpen hauek guztiz faltsuak direla; apirilera arte gure seme-alabak artatu zituen profesionala euskalduna izanik, bere pazienteekin euskaraz komunikatzeko inolako arazorik izan ez zuela eta herritarroi argi eta garbi adierazi zigula tristura handiz uzten zuela gure Osasun Zentroan zuen lanpostua".

Argibide gehiago ere eskaini nahi izan dituzte. "Hilabete hauetan guztietan gure seme-alabak Lasarte-Oriako Osasun Zentroan normalki artatuak izan zirela aldarrikatu zuten; errealitatetik oso urrun den aldarrikapenaz ari gara, izan ere, irailaren 18ko prentsa oharrean salatu genuen bezala, azken hilabeteotan gure herriko sei hilabetetik gorako haurrei oinarrizko pediatria zerbitzuak diren errebisioak ukatu egin zaizkie".

"Pediatria arreta ukatzea ez da kritikarako edozein aitzakia"
EAJ eta PSE defendatutako testu alternatiboaren harira, "astelehenean bere lanpostuan hasi zen pediatrak lanaldi murriztuan aritzeko eskubidea baduela argudiatu zuten beraien mozio alternatiboa defendatzeko garaian; argi utzi nahi dugu guraso talde honek egindako adierazpenetan inoiz ez dugula ez zalantzan jarri, ez eta kritikatu, dagokion plazan lanean hasi den pediatra berriak horretarako duen eskubidea. Hau gutxi balitz, Osakidetza “edozein aitzakia erabiliz” kritikatzea egotzi ziguten. Gure seme-alabei bost hilabetez gure herrian pediatria arreta ukatzea ez da kritikarako edozein aitzakia, ukatu ezin den errealitatea baizik".

Eskertza
Testuinguru honetan, Usurbilgo gurasook helarazitako oharrarekin berretsi nahi izan dutenez, "berriro azpimarratu nahi dugu aste hauetan salatu dugun egoerari jarraipena egiten segituko dugula, alkateari telefonoz iragarritako konpromisoak errealitate bihurtu daitezen".

Orain arte egin bezalaxe, aurrerantzean ere, "Usurbilgo familiek ez dugu utziko gure seme-alaben eskubideak defendatzeari: pediatria zerbitzu osoa, egonkorra eta plazan ezarritako baldintzak beteko dituena".

Bidelagunak eskertzeko ere baliatu nahi dute ohar hau. "Bihotzez eskertzen diegu mobilizazioan parte hartu eta osoko bilkuran gurekin egon diren pertsona guztiei; aipamen berezia Porrotxi eta Zapotxini, herrian zeudela baliatuta, gure aldarrikapenei babesa azaldu eta udaletxeko plazan gurekin eta gure haurrekin egon zirelako".