Egunotan egiten ari diren moduan, iaz ere pediatria zerbitzu duina galdegiten aritu ziren, taldean antolatu ziren herriko hainbat familia. Apirilaz geroztik udazken hasierara arte, etenda egon zen zerbitzu hori.
Iazko irailaren 26an eginiko udalbatzaren osoko bilkurarako mozioa erregistratu zuten. Saio hartan bertan izan ziren, mozioa aurkeztu eta irakurtzen. Udalbatzak EHBilduren babesarekin gehiengo osoz onartu zuen. Artean, udaletxe atarian mobilizatu ziren hainbat familia eta herritar. Hauxe mozio hark zioena:
MOZIOA
Usurbilgo osasun zentroan pediatria kontsulta zerbitzu duina berehala berrezartzeko eskaera
Ia bost hilabetez Usurbilgo Osasun Zentroan pediatria kontsultarik eskaini gabe egon ondoren, eta denbora tarte horretan Donostialdea ESI-ko arduradunen aldetik zerbitzua berraktibatzeko inolako keinurik jaso gabe, irailaren 22an, pediatria-kontsulta berriro martxan jarri dela jakin dugu... ordutegi murriztuan, zehazki, eguneko 3 ordu eta erdiko zerbitzuan. Irtenbide bat izatetik urrun, herri honetako gurasook argi dugu, neurri hau, Osakidetzako arduradunek ezarri nahi duten murrizketa ezkutu bat dela, eta gure seme-alabek osasun publiko hurbila eta kalitatezkoa izateko duten eskubidea urratzen jarraitzen duela.
Osasun publikoa eta unibertsala defendatzen den garaiotan, haurren osasuna lehen mailako lehentasuna izan beharko litzateke.
Osasuna ezin da “erdizka” eskaini eta Usurbilgo Osasun Zentroan pediatria kontsulta zerbitzua murrizteko erabakia gure seme-alaben eskubideekiko errespetu falta garbia da.
Apiriletik bizitzen ari garen egoera hau kalte larriak eragiten ari da gure haurren artatzean, eta horren adibide dira, hala nola:
• Diagnostiko eta tratamenduetan atzerapenak, gaixotasun arrunt zein kronikoak larriagotzeko arriskua handituz.
• Prebentzio-kontroletan murrizketak, etorkizunean saihestu litezkeen arazo larriak garaiz antzemateko aukerak mugatuz.
• Larrialdietako zerbitzuen gainkarga, arreta egokia zailduz.
• Familien lana eta bizitza pertsonala uztartzea oztopatzea.
Gure herrian gertatzen ari dena ez da salbuespena, Euskal Osasun Sistema Publikoak bizi duen prekarietatearen isla baizik. Langile faltak, ordutegi murrizketek eta murrizketa-kate zein erabaki zalantzagarriak euskal osasun sistema publikoa ahultzen ari dira, arreta unibertsala, hurbila eta kalitatezkoa izateko dugun eskubidea arriskuan jarriz. Aurrez aipatu bezala, herritarrontzat ondorioak nabarmenak dira.
Hori dela eta, honako MOZIO hau aurkezten dugu osoko bilkuran:
• Usurbilgo Udalari eskatzen diogu Donostialdea ESI-ko arduradunari galdegiteko, berehala berma dezala Usurbilgo Osasun Zentroan herriko haur eta familien beharrak %100ean beteko dituen pediatria zerbitzu duina.
• Usurbilgo Udalari eskatzen diogu, Donostialdea ESI-ko arduradunari idatzizko informazio gardena eta zehatza galdegin diezaiola; kontratazio poltsen egoera, zergatik pediatria zerbitzuaren murrizketa eta zein irizpideren arabera hartu diren orain arteko erabakiak.
• Usurbilgo Udalari eskatzen diogu, herri honetako gurasoen izenean aurkeztu dugun mozio hau helaraztea Donostialdea ESI-ko arduradunari.
• Usurbilgo Udalari eskatzen diogu herritarron izenean Arartekora jo dezan egoera larri honen salaketa egiteko.
• Eta azkenik, Usurbilgo Udalbatza osatzen dutenei, etorkizunean antolatuko diren mobilizazioei atxikimendua emateko eskatzen diegu.