2023-27 legealdia

Legealdi erdiko Zubietako Herri Batzarreko kargu aldaketa ekitaldia gaur

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 23a, 07:12

Duela bi urte, Haritz Arrizabalaga Garmendiak Usurbilgo aldeko alkatetza kargua hartu zuen unea.

2023-27 legealdiaren lehenengo bi urteak igarota, kargu aldaketa ekitaldia egitea dagokie Zubietako Herri Batzarrean. Lehenengo bi urteotan, Usurbil aldeko alkatea izan du Zubietak; gaurtik 2027ko hauteskundeak bitarte, Donostia aldekoak hartuko du lekukoa. Horretarako, ohi bezala, kargu aldaketa ekitaldia antolatu dute, asteazken honetarako, uztailaren 23rako, arratsaldeko 18:00etan Kaxkapen.

2023-27 legealdia erdibidera heldu da. Usurbilen zenbait eragile politikoek lehenengo bi urteotako balantzea plazaratu dute asteotan. Zubietan, bestelako urrats bat ematea dagokie. Izan ere, 2023ko maiatzaren 28an izandako udal eta foru hauteskundeen ondorioz, Gipuzkoako Batzar Nagusiak eta Foru Aldundia berria osatzearekin batera, udalbatzak ere eraberritu ziren; tartean, Usurbilgoa.

Horrez gain, administratiboki bi udalerrien artean bizi den Zubietan Herri Batzarra ere berritu zuten lau urteetarako. Haren osaera lau urtean behin bozketa bidez erabakitzen dute zubietarrek; Usurbil aldekoek hauteskundeetara aurkezturiko hautagaiei ematen diete botoa, Donostia aldean bizi direnek Donostia aldekoei. Hautagai guztiok osatzen dute Herri Batzarra gero, haietako bik hartzen dute alkatetza kargua.

Izan ere, lau urteko legealdia bitan zatitua egoten da, bi alkate izaten baititu Zubietak. 2023-25 urte artean, Usurbil aldeko hautagaietako bat izan ohi da; kasu honetan, Haritz Arrizabalaga Garmendia izan da 2023ko uztailaren 5az geroztik alkatetza kargua bere gain izan duena.

Aipatu moduan, bi urte igarota, aldaketa dator orain; Donostia aldeko hautagaietako batek hartuko du alkatetza Zubietan. Kargu aldaketa ekitaldia gaurko deitu dute, asteazken honetarako, uztailaren 23rako, arratsaldeko 18:00etan Kaxkapen. Herri Batzarretik sare sozialen bidez, zubietarrak ekitaldi horretara joatera gonbidatu dituzte.

Egungo Zubietako Herri Batzarra bost kideez osatua dago; Usurbil aldeko bi ordezkariez eta Donostia aldeko beste hiru ordezkarirekin. Segidan duzue ordezkarion berri, baita duela bi urte Herri Batzarra berritzeko eginiko hauteskundeen emaitzak ere:

2023-27 legealdia Zubietako Herri Batzarrean
Herri Batzar berriko batzarkideak
Usurbil aldeko hautagaiak
-Josune Iparragirre Tolaretxipi.
-Haritz Arrizabalaga Garmendia

Donostia aldeko hautagaiak
-Maider Izagirre Txoperena.
-Jon Andoni Arroyo Arozena.
-Nekane Zaldua Iturrioz.


2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetako emaitzak
Usurbil aldeko bozketa
Errolda: 203.
Botoa eman dutenak: 91.
Bi hautagaiek bildutako botoak guztira: 131.
Boto zuriak: 9.
Boto baliogabeak: 0.

Donostia aldeko bozketa
Errolda: 239.
Botoa eman dutenak: 96.
Hiru hautagaiek bildutako botoak guztira: 157.
Boto zuriak: 1.
Boto baliogabeak: 3.