Egurtzegik urtebete

Egurtzegik urtea bete du

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 11a, 11:41

Ofizialki inauguratu zutenetik urtea bete du gaur, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berriak.

Sarritan aipatu dugun auzune berriak lehen urtea bete du. Egurtzegiri buruz ari gara, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzuneaz. Ostegun honetan, uztailak 11, bete da ofizialki inauguratu zuteneko lehen urtea. Egitasmo honek sustatzaile izan dituenak elkartu zituen Orbeldiko dantzariek eginiko aurreskuak harrera egin eta Jon Maia Soriak botatako bertsoek borobilduriko hitzorduan: udalbatza osatzen duten udal taldeak, hiru jubilatu elkarteetako kideak, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Matia Fundazioko ordezkari tekniko eta politikoekin batera.

Auzunea barrutik ezagutzeko aukera izan zuten bertara joandakoek. Bisita gidatua egin zitzaien instalakuntzetan barrena. Lehen egoiliarrak egun batzuk geroago heldu ziren.

Lankidetzaren eredu
Egurtzegiri ongi etorria eman zioten ekitaldian hitza hartu zuten erakunde ezberdinetako ordezkariek. Lankidetza eredua eta proiektuaren izaera "berritzailea eta aitzindaria" goraipatu zituen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak, "zaintzaren alorrean punta-puntakoa eta erreferentziazko proiektua inauguratzen ari garelako". Lankidetza eredu hau aurrekari izan dadila desio izan zuen, "bide urratzaile, inspiratzaile bat izan dadila gainerakoentzat". Halere, "arreta ereduaren eraldaketa erabatekoa" izateko ezinbestekotzat jo du  "erakunde guztiok norabide berean arraun egitea, estrategia integral baten baitan".

"Gipuzkoak pertsonak zaintzen ditu, eta hemen pertsonak etxean bezala zainduko ditugu. Horretan, zaintzan ere abangoardistak izan nahi dugu", adierazi zuen Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak. Erreferentetzat jo zuen Egurtzegi, baita Gipuzkoan martxan den zaintza eredua, "pertsonalizazioan dago oinarritua, alegia, pertsona bakoitzak dituen beharretara egokitutako eredu bat da". Berrikuntza lehenesten duena bere esanetan, komunitateari lotua dagoena eta hobetzen joateko ebaluaziopean egongo dena, elkarlanean oinarrituriko ereduari esker.

Oinarrizko eskubideei erantzungo ziela nabarmendu zuen Egurtzegiko zuzendari Jaione Artiedak. "Bizikidetza-etxeguneek erantzuna ematen diote euskal gizartearen ahotsari, guztiok ditugun eskubideetan oinarritutako eredu baten pean zaindu nahi ditugun pertsonei". Guztia Usurbilen eraikitzen ari diren zaintza ekosistema berriaren baitan txertatuko dela azpimarratu zuen. "Egurtzegi beti amestu dugun toki bat da, bizi eta bizitzeko toki bat da, istorioak partekatzen diren tokia, non hizkuntza eta begirada berdin bat arnasten den zaintza kontuetan. Pertsonei erantzuna ematen dien toki bat da, ahots guztiak eta parte hartze guztiak sartzen direlarik bertan. Toki atsegin bat da, zoriontsua izateko eta mundu eta bide honetan etxe bat gehiago", halaxe aurkeztu zigun Egurtzegi, bere zuzendari Jaione Artiedak.

Esker oneko agertu zen Matia Patronatuko lehendakari Mari Karmen Garmendia. Argi adierazi zuen, "zaintza gaiez ari garenean, aurrerantzean askotan aterako den izena dugu Egurtzegi". Berarentzat Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunea zer den azaldu du. "Egurtzegik esan nahi du, auzolana, ekosistema, pertsona ardatz eta helburu, elkarlana, errespetua, duintasuna, hori guztia darama bere baitan, eta gainera, gizartean txertatutakoa da". 133 urteko historia duen Matiarentzat, "Egurtzegi beste katebegi bat izango da eta beste batzuk etorriko dira". 
 

Hemen duzue inaugurazio eguneko irudi eta artikulu bilduma: 
Bisita gidatua
Inaugurazioa
Usurbilgo alkatearen adierazpenak
Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren adierazpenak
Egurtzegiko zuzendariaren adierazpenak
Matia Patronatuko lehendakariaren adierazpenak
Egurtzegi, izenari buruzko argibideak