Egurtzegik urtebete

Urtea bete duen Egurtzegi, komunitatearekin etengabeko hartuemanetan

Noaua Aldizkaria 2024ko uzt. 11a, 11:21

Usurbil herri zaintzaileagoa izateko bidean, gaur urtea bete duen Egurtzegi, komunitatean, herrian txertatzen joan den seinale, azken hamabi hilabete hauetan herri bizitzan nola murgildu den auzune berri hau.

Ofizialki inauguratu zutenetik urtea bete du gaur Egurtzegi, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berriak. Hasieratik, komunitatean, herrian txertatua izan nahi zuten zaintza eremua da honakoa eta hor, beste behin, herri honetako komunitatea nabarmen inplikatu da azkeneko hamabi hilabete hauetan. Horren lekuko, herri zaintzaileagoa izateko Usurbil jorratzen ari den bide horren ispilu, urtebete honetan antolatu diren hainbat ekimenen barne nola txertatu duten Egurtzegi eta Egurtzegiko komunitatea.

Hainbat adibide topa ditzakegu. Azkenak, ospatu berri ditugun Usurbilgo jaietan. Festa zaintzailagoen alde eginiko apustuaren baitan, hasiera ofiziala herriko adineko emakume zaintzaileek eman zieten. Hainbat ekitaldietan zaintza behar dutenen parte hartzea lehenetsi zen; hala nola, txutxu tren zerbitzuan edota herri honen garai bateko irudien proiekzio ekitaldian. Horrez gain, Egurtzegi izan zuten abiapuntu edo geltoki nagusietako bat beste hainbat hitzorduek; hala nola, joaldunen edota txistularien kalejirek. Joaldunen kasuan, prestakuntza lan guztiak bertan egin eta lehen bira ere bertan egin zuten. Santixabel egunez izaten den lore eta salda banaketa ekitaldia ere hurbildu zitzaien Egurtzegiko egoiliarrei txistulariekin batera. 

Herri giroa atariraino
Lehenago, ordea, ekitaldi gehiago ere eraman dituzte Egurtzegi atarira edo barrura. Besteak beste, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak Santa Ageda bezperako eskea edota Udarregi ikastolakoek gabonetako abestiak plazaratzen dituen kalejira. Zumarte Musika Eskolak eta Udalak urtean bitan (gabonen eta uda garaiaren atarian) sustaturiko belaunaldiarteko topaketetako bat Egurtzegin egin dute estreinakoz aurtengo udaberrian. Bertan, eguneko arreta zerbitzuko eta eguneko zentroko erabiltzaileek parte hartzen dute, Zumarteko gazteek eskainitako kontzertuan.

Elkartasunaren adierazle ere izan da Egurtzegi. Krisian dugun zaintza eredua eraldatzeko beharra plazaratu zuen iragan azaroaren 30eko greba feminista orokorrak. Mobilizazioek Egurtzegi zeharkatu zuten. Greba egin izan ezin zuten zaintzaileei elkartasuna adierazi zieten auzune berriaren parean geratu ziren manifestariek. Manifestarien eta bertako langileen txalo zaparrada hunkigarriaren lekuko izan ginen. Matiako langileak ere lan hitzarmen duin baten aldeko borrokan dabiltza azken hilabeteotan ere.

Hemen, aipatutako une hauetako hainbaten irudiak:
Usurbilgo jaiak: txistulariak
Usurgilgo jaiak: txutxu trena
Usurbilgo jaiak: joaldunak
Belaunaldiarteko topaketa
Santa Ageda bezpera
Udarregi ikastolakoen gabonetako kantu saioa
Azaroaren 30eko greba feminista orokorra